XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ostirala zen erretoreak hirira joateko zuen eguna, eta baita neskameak egun erdiz jai zuena ere.

Yvette jardineko egurrezko eserleku batean eseri zen, ibai haziaren ertzetik oin bakar batzuk goraxeago, ibaiak urketa estraino misteriotsua arrastan zeramala.

Krokusak zimeltzen ari ziren parterre apaingarrietan, belarra berde ilun zegoen segatutako lekuan, erramuek zertxobait argiago ziruditen.

Izeba Cissie agertu zen portxeko mailen buruan, eta Yvetteri dei egin zion ea goiz-te hartatik katilu bat hartu nahi zuen.

Ondoan behean zuen ibaiagatik, Yvettek ez zuen entzun izeba Cissiek zer esan zion, baina imajinatu zuen, eta burua astindu zion.

Garai horretan tea hartu, etxera sartu, oraindik eguzkia zegoela?

Ez, eskerrik asko!

Ijitoarengan pentsatzen zuen, han eguzkitan eserita gogoetari zegoela.

Yvetteren gogoak erraztasun erdi-mingarri erdi-aringarri bat zuen bere baitatik irten eta, norabait, irudimenera etorri zitzaion norbaitengana ihes egitekoa.

Egun batzuetan Framleytarrenean egongo zen, nahiz eta haiengana hurbildu ere egin ez.

Beste egun batzuetan, denbora guztian Eastwoodtarrekin egongo zen izpirituz.

Eta gaur, berriz, ijitoekin.

Gaur ijitoen harrobiko kanpamendura igoa zen.

Ikusten zuen gizona kobreari mailuka, burua jaso eta bidera begira; eta haurrak zaltegian jolasean, eta emakumeak, ijitoaren emaztea eta andre zahar sendoa, beren fardelekin etxera bidean, gizon zaharrarekin batera.

Izan ere arratsalde horretan, Yvettek biziki sentitzen baitzuen hura zela bere egiazko etxea: ijito-kanpamendua, sua, aulki motza, mailuan ari zen gizona, sorgin zaharra.

Yvetteren izakeraren parte zen, gogoaren indarrez, ezagutzen zuen lekuren batera joatea, leku jakinen batean egotea, beretzat etxea adierazten zuen norbaitekin.

Arratsalde horretan ijitoen kanpamenduan zegoen.

Eta gizon jertse berdedunak etxea adierazten zuen beretzat.

Hura zegoen lekuan egotea, hori zen etxean egotea.

Karabanak, ume-gorriak, beste emakumeak... dena naturala iruditzen zitzaion: bere etxea, han jaio izan balitz bezala.

Jakin nahi zukeen ea ijitoa konturatzen ote zen han zela; ikusten ote zuen sutondoan aulki motzean eserita; jasoko ote zuen burua (...).